XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bulegotika.

Bulegotika, informatika mailan, bulegoetan ordenadorearen bidezko lanek sortzen dituzten arazoak konpontzeko metodoak aztertzen dituen arloa dugu.

Honetarako, erakuntza-metodoen eta bulegoetako lanen garapena eginkor bihurtzen duten testu-prozesaketa eta transmisiorako teknika batzu erabiltzen ditu.

Hain zuzen, komunikazio eta informatikaren arteko bateratze estuak bideratzen du guzti hau.

Bulegotikak, besteak beste, testu-prozesaketarako dauden programa-paketeen aplikazio teknologikoak (agiriak, eskutitzak edo eta txostenak) aztertzen ditu, eta hauekin batera, ezarritako ezaugarri eta murriztapenak betez burutu behar den testu hauen presentazioa ere.

Oro har, testu-prozesaketarako pakete izendatzen ditugun hauek funtzio desberdinak betetzen dituzte: azentuazioa (sistema logikoaren nahiz inprimagailuaren sistema fisikoaren kontrola eskatuz), formatuaren erabakia, testuen orrialdeztapena eta aurkibideketa automatikoa.

Honez gain, aipatutako programek testu-prozesaketarako edozein eragiketa eskaintzen digute, adibidez, testu-zatien lekualdatzea (lerroak, blokeak, e. a.), testu desberdinen arteko nahasketa eta txertaketa, e. a.....

Gainera, bulegotikaren teletestu delakoari esker, memoria duten idazteko makina ezberdinen arteko testu-transmisioa egin daiteke eta sare bati konektatutako ordenadoreen testu-prozesaketarako sistema informatikoen artekoa ere bai.

Teletestuaren aplikazioen artean, posta elektronikoak erabiltzen dira, egituraturik ez dauden kodetu gabeko informazioak transmititzeko.

Beraz, ez gaude teleihardupide eta teletratamenduaren kasuan, hauetan kodetuta eta egituraturik dauden informazioekin lan egiten bait da.

Bulegotikak, halaber, sorturiko dokumentu edota grafikoen transmisioa egiteko, facsimil-a ere erabiltzen du.

Honetarako, facsimil-a hargailuraino digitalki bidalitako tonalitate gris ezberdinetan kodetzen da, gero hargailu honek deskodetu egiten ditu idazki, agiri, marrazki eta eskemak berreginez, urrundik baina zuzenki.

Bukatzeko hauxe esan daiteke, bulegotikak (eskala haundian) artxiboak, datu-baseak eta beste eratako teknikak ere erabiltzen dituela testuen, ahotsen eta grafikoen tratamendurako.

Historikoki, testu-prozesaketarako aplikazioek bulegoetako lanen automatizazio-ihardupidearen lehenengo pausoa bete zuten.

1 Bulegoetako eginkizunak burutzeko metodoak informatikaz baliatzen direnean, bulegotikaren munduan sartzen gara.

2 Bulegotikak, testuen tratamendua eta autoedizioa nahiko sinplifikatu eta arrazionalizatu du.

Gaur egun, menuen bidez, ordenadorearen pantaila aurrean lan egiten da, idazten den erantzuna bere horretan ikusiz.

3 Digitalizaturik dagoen informazioaren bidalpen zuzena eskaintzen digutenez, bulegotika-teknikek dokumentuen berregintza nabarmenki errazten dute.

4 Testu-konposaketaren kasuan, makinek euskarri magnetikoetan idatzirik dauden testuak erabiltzen dituzte zuzenki.

Honek, transkripzioak gutxitzeaz gain, zuzenketa, maketazioa, konposaketa eta era honetako ihardupideak azkartzen ditu.